Euskal Kostaldeko Geoparkea

Euskal kostaldeko geoparkeko itsaslabarrek flysch izeneko harkaitz-geruzez osatutako egitura dute, eta 60 milioi urteko bilakaera geologikoa erakusten digute

Euskal Kostaldeko Geoparkea Zumaia, Deba eta Mutrikun barrena zabaltzen den itsasbazterreko zinta estua da. Lehen begiratuan, itsasertzetik barrurantz, bata bestearen atzetik dauden zelai eta basoak nabarmentzen dira. Baina beti gertatzen den bezala, benetako edertasuna barnealdean dago, eta leku honen interes benetakoa erraietan aurkituko dugu. Paisaia honen geologiak lurraren oraintsuko historiaren pasarte zirraragarrienetako batzuen sekretuak ezkutatzen ditu.

geoparque-acantilado

Flyscha ondoz ondoko arrokageruzen egundoko formazioa da. Itsasoaren etengabeko lana dela eta, agerian geratu da eta azken 60 milioi urte hauetan lurrean gertatu diren aldaketa biologikoei, geologikoei eta klimatikoei buruzko informazioa oso baliotsua erakusten du. Flysch-egitura itsasertzeko 13 kilometro luzetan kokatuta dago, Mutriku eta Zumaia artean. Lur-tarte txiki honek erakutsi die zientzialariei planetaren intimitate asko, bai Iberiar Penintsula Europara itsatsi zenekoa eta Pirinioen sorrera, eta baita dinosauroen desagertzea ere.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak oinezko txangoak antolatzen ditu marearteko zabalgune eta itsaslabarretatik, eta paseo zirraragarriak, itsasontziz. Eta Mutrikun, Nautilus museoan, Mesozoiko arora iristen den fosil-bilduma ederra aurki dezakegu. Eta gainera, itsasertzetik oso hurbil, Karst ibilbidea ikus daiteke; Gipuzkoako zulo arkeologikoen multzo handiena dugu, denen artean azpimarragarri Ekaingo kobazuloa, Gizateriaren Ondarea.

 

X