Belle Epoque garaia

UDALETXEA

UdaletxeaUdaletxearen fatxada nagusia, Alderdi Ederreko lorategietatik ikusita

Gaur egun Donostiako Udaletxea dena Donostiako Kasino Handia izan zen 1897ko uztailaren 1ean inauguratu zutenetik 1924an jokoa debekatu eta itxi zuten arte. Hango erruletetan jokoan eta Dantza Aretoan (gaur egun Udalbatza Aretoa da) Belle Epoque garaiko politikari, idazle eta artistak jostatzen ziren.

1947ko urtarrilaren 20an, hiriko udaletxe bihurtu zen, Udalak Konstituzio plazako egoitza utzita. Kontxako badiaren bihotzean kokatua, Parte Zaharreko giro etengabea atzean duela eta Alderdi Ederreko lorategien lasaitasunaz inguratua, udaletxea nahitaez geldialdia egiteko gune bat da ezbairik gabe.

 

VICTORIA EUGENIA ANTZOKIA

Victoria Eugenia AntzokiaVictoria Eugenia Antzokia

Belle Epoque garaiko diseinu tipikoa eta gaur-gaurko espiritua. Halakoxea da Victoria Eugenia antzokia, 2012an lehen mendeurrena bete zuena. Hiriaren erdialdean, Kursaali begira eta Urumea ibaiaren ertzean, Victoria Eugeniak askotariko eta etengabe aldatzen den programazioa eskaintzen dio bisitariari.

Eraikina, Francisco Urkola arkitektoak 1912. urtean sortua, harrearriz egina da, eta dekorazio-motibo platereskoak eta Espainiako Errenazimentuko formak ditu. Fatxadan, zutabe dorikoen gainean, opera, tragedia, komedia eta drama irudikatzen dituzten lau eskultura multzo nabarmentzen dira.

Victoria Eugenia antzokia Zinemaldiaren agertoki nagusia izan da hainbat hamarkadatan, eta, 2007an berritu zutenetik, espazio berriak eta punta-puntako ikus-entzunezko teknologiak eskaintzen ditu.

 

PERLA

PerlaLa Perla Kontxako hondartzatik ikusita

XX. mendearen hasieran, Maria Kristina erreginak Donostian ezarri zuen Errege Etxeak uda igarotzeko lekua. Aristokraziari zerbitzua emateko, zurezko bainu-etxe bat sortu zen, eta 1912an, bainu-etxe berria egin zuten, haren ordez. Garaiko egunkariek ziotenez, munduko ederrenetako bat zen bainu-etxe berria.

Hartarako proiektua Kontxa osoaren zaharberritze-lanen barnean egin zuten: pasealekua zabaldu zuten, hegalak egin eta itxi zituzten, eta, bertan, hondar-gurdiak ateratzeko kabinak jarri zituzten bertan. Halaber, baranda berria diseinatu zuten.

1994an, bainu-etxearen ingurua berregin zuten eta gaur egun duen itxura eman zioten.

 

MARIA CRISTINA HOTELA

MARIA CRISTINA HotelaMaria Cristina hotela Urumea ibaiaren beste ertzetik

Hotel hau Belle Epoque garaiko aristokraziaren hotelik gogokoena izan zen, nola bere diseinuarengatik (Charles Mewes arkitektoak diseinatu zuen, Madrilgo eta Pariseko Ritz hotelak diseinatu zituen arkitekto berak), hala bere kokapenagatik, Urumea ibaiaren ondoan baitago eta itsasorako ikuspegia baitu. Eraikinak L itxurako oinplanoa zuen hasieran. XX. mendeko 50eko hamarkadan, eraikinari hegal bat erantsita, U itxurako oinplanoa egin zuten, eta gaur egun horixe du oraindik.

Gerra Zibilaren eta gerraostearen ondoren, hotelak lehengo bikaintasuna berreskuratu zuen Donostiako Zinemaldia sortu zenean; izan ere, harrezkero, Zinemaldiko izarrek bertan hartu izan dute urtero ostatu, baita orain ere. Hotela Victoria Eugenia Antzokitik oso gertu dagoenez, izarrek oinez egiten zuten batetik besterako ibilbidea alfonbra gorriaren gainean, eta ibilbide hori Zinemaldiaren bereizgarri bihurtu zen nazioartean.

2012an, hotelaren barnealdea guztiz berritu zuten, fatxada enblematikoa aldatu gabe.

 

FUNIKULARRAREN GELTOKIA

FunikularIgeldoko funikularraren geltokiaren fatxada

Fatxada nagusia da funikularraren geltokiaren bereizgarri nagusia; izan ere, garbi igartzen zaio eraikin publikoa dela, arkuez eta markesina batez (gaur egun ez du markesinarik) osatutako sarrerari erreparatuta. Eraikin publikoaren itxura hasieran hiritik kanpo zegoen eraikinaren landa-inguruneko itxurarekin uztartzen da: eraikina kuxinduradun harri-hormaz egina dago eta mantsardaren txapituletan zurezko bilbadurak ditu.

 

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA

DiputazioaGipuzkoako Foru Aldundiaren fatxada nagusia

Aldundiaren jauregia Jose Goikoa udal-arkitektoak diseinatu zuen 1878an; eraikuntza-lanak, berriz, 1885ean amaitu zituzten. Urte hartan sute bat izan zen bertan eta eraikinaren sail gehienak, fatxada eta zimenduak izan ezik, suntsituta geratu ziren. Sutetik salbatutakoa aprobetxatuz, beste proiektu bat egin zen, 1890ean amaitu zena.

Kanpoko arkuek eraikin hau Gipuzkoa plazako gainerakoekin lotzen dute. Fatxadan, izen handiko hainbat gipuzkoarren bustoak nabarmentzen dira: Urdaneta, Elcano, Oquendo, Lezo eta Legazpi. Horien gainean, Gipuzkoako armarria dago.

 

KOLDO MITXELENA LIBURUTEGIA

kmkKoldo Mitxelena Kulturgunea

Eraikin hau, 1900. urtean inauguratu zutena, bertan Bigarren Hezkuntzako Institutu Probintziala egiteko eraiki zuten. Geroago, eraikina Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Teknikoko Goi-mailako Eskolari laga zioten, eta 1993an, guztiz birgaitu zuten (fatxadak izan ezik), bertan Koldo Mitxelena Kulturunea egiteko, eta harrezkero bertan dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko erakunde hori.