Kultura paregabe eta originala

Euskaren inguruan, euskal kultura original, berezi, bereizgarri eta interesagarria eraiki da. Herri-kultura da betidanik jendearen parte-hartzean bereziki oinarritu dena. Kutsu tradizional eta folkloriko handia izanik, euskal kulturak gaur egun oraindik ere egiten diren diziplina paregabe eta bereziak ditu:


EUSKAL PILOTA

EUSKAL PILOTA

Erromatarren garaian hainbat pilota-joko egiten ziren. Denetan ere aurkariak aurrez aurre jartzen ziren, pilotak egiteko materialaren ondorioz pilotek ez baitzuten bote handirik.

Pilotak kautxuz egiten hasi zirenean, zaharrek baino bote handiagoko pilotak lortu ziren eta, beraz, errebote egiten zuten horma baten kontra botaz gero. Horrela sortu zen euskal pilota.

Pilotarien buru-argitasunari esker, material eta joko-instalazio berriak egin ziren:


Frontoi motak

  • Ezker horma duen frontoia
    Hau da lehiaketa profesionaleko instalazio nagusia. Era honetako frontoiak bi horma ditu: aurrealdeko horma (frontisa) eta ezkerreko horma. Gainera, frontoi profesionalek itxiera dute eta estaliak izaten dira (herri eta auzoetako frontoi askok ez dituzte ezaugarri horiek).

  • Trinketea
    Era honetako frontoiak Frantzian jokatzen zen “jeu de paume” jokoan du jatorria, eta, beraz, ohikoagoa da Iparralden. Bere ezaugarri arkitektonikoak direla-eta, era honetako frontoiak berariazko modalitate eta elementuak ditu: sarea, teilatutxoa, xarea…

  • Plaza libreko frontoia
    Frontoi sinpleena da: horma bat eta joko-eremu mugatu bat.

Joko modalitateak

    • Esku pilota
      Modalitaterik ohikoena da, jokatzeko pilota bat eta pareta bat baino ez baitira behar. Pilota bakoitza bakarra da. Hortaz, pilota profesionalaren liturgian, momenturik interesagarrienetako bat piloten aukeraketa da; ekitaldi horretan, aurkariek beren jokorako egokiak diren hainbat pilota aukeratzen dituzte: biziagoak, motelagoak…

    • Pala
      Hainbat modalitatetan, palak edo paletak (pala txiki eta finagoak) erabiltzen dira pilota jotzeko. Erabilitako pilota motaren eta joko-instalazioaren arabera, palak neurri desberdina izan beharko du. Pala guztiak zurezkoak dira.

    • Xistera
      Zesta-punta (“jai-alai”) da Euskaditik kanpo gehien ezagutzen den modalitatea, beste herrialde batzuetara —hala nola Miamira, Filipinetara eta Hego Amerikara— emigratutako pilotariei esker. Alabaina, beste modalitate batzuek ere erabiltzen dute xistera tresna gisa: joko garbiak eta erremonteak. Modalitate horietan, ezin da pilota gelditu (zesta-puntan ez bezala); pilota jaso eta bota egin behar da keinu bakarrean.

    • Xarea
      Iparralden oso ospetsua da. Xarea erraketa moduko bat da, sarea lasaia duena. Beraz, ezin da pilota jo, jaso egin behar da. Pilota botatzerakoan, eskumuturraren mugimenduaren bidez ematen zaio abiadura eta efektua.


ESTROPADAK

Kontxako estropadakKontxako estropadak

Estropaden kirolaren jatorria bikoitza da: bata, baxurako arrantza, eta bestea, ontzi handian atoian eramatea.

Arrantzarako, hainbat ordutan arraunean egin zezaketen gizonak behar ziren, kaletara iritsi eta, arrainak bildutakoan, portura karga eta guzti itzultzeko. Estropadak arraunlari-koadrilen arteko lehia eta apustuetatik sortu ziren.

Atoan eramateari dagokionez, sarrera zaila duten portuetan, hala nola Bilbokoan eta Pasaiakoan, traineruek eramaten zituzten atoan ontzi handiak. Portura zihoazen ontziak talaitik begiztatuta, traineruak lehian aritzen ziren ontziraino lehena noiz iritsiko ote zen, ordainsaria jasotzeko.

Gaur egun, estropadak kirol profesionala dira eta txapelketak egiten dira. Donostiako Kontxako Estropadak dira lehiaketarik ezagun eta ospetsuena.1879. urtean antolatu ziren lehenengo aldiz, Donostiako jai-programaren barnean, elementu arrunt gisa. Izugarrizko arrakasta izan zutela ikusita, Donostiako Udalak hurrengo urteetako jai-programetan ere txertatu zituen. Gaur egun, milaka jarraitzaile dituen kolore anitzeko gertakizuna da.


HERRI KIROLAK

Herri-kirolak esaten zaie Euskal Herriko landa-ingurunean betidanik egin diren kirol modalitateei. Herri-kirol gehienek landa-inguruneko lan-jarduerak dituzte sorburu. Urteen poderioz eta herrietako auzokideen artean trebeagoa nor zen ikusteko sortzen ziren norgehiagoken ondorioz, kirol bihurtu dira. Esate baterako, egurra egiteko enborrak mozteko jardueran oinarrituta, aizkolarien kirola sortu zen; eraikuntzarako harri handiak mugitzeko jardueran oinarrituta, harriak jasotzeko kirola  eta idi-probak sortu ziren; etab.


EUSKAL DANTZAK

Beste kultura askotan bezala, dantzak garrantzi handiko tokia izan du Euskal Herriaren gizarte- eta erlijio-bizitzan. Gaur egun herri-jaietan oraindik ere dantzatzen diren dantza askok 400 urte baino gehiagoko etengabeko historia dute. Ezin konta ahalakoak dira herri-dantzak, eta herri-ospakizun edo herri-jai bakoitzak bere dantza modalitatea izaten du askotan.


BERTSOLARIAK

Bertsolaritza euskal kulturaren diziplinarik bitxienetako bat da. Bertsotan egitea kantatutako bertso bat bat-batean asmatzea da, finkatutako errima eta doinu jakin batean oinarrituta. Horretarako, bertsolariek irudimen, ahozko trebetasun eta buru-bizkortasun handia behar dute. Gaur egun, oraindik ere lurralde osoan antolatzen dira bertsolari-txapelketak, batez ere herri-jaietan, sagardotegietan, etab. Are gehiago, bertsolaritza-eskolak ere sortu dira, eta horietatik atera da bertsolarien belaunaldi berria, kalitate eta ospe handiak lortu dituena.

EUSKARA, JATORRI EZEZAGUNEKO HIZKUNTZA

Mendebaldeko Pirinioen bi aldeetan hitz egiten da euskara. Beraz, estatu espainoleko nahiz frantseseko lurraldeak hartzen ditu. Euskara Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurraldeek osatzen duten Euskal Autonomia Erkidego edo Euskadiko hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera.

Eusko Jaurlaritzaren mende Etxepare institutuak, euskara eta euskal kultura nazioartean sustatzen eta hedatzen duen Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakundeak, honako hau dio euskararen jatorri ezezagunaren inguruan:

“Generikoki isolatua dagoen hizkuntza da Euskara, ez baitu familia linguistikorik. Hizkuntza honen jatorria ere ez dago argi. Euskarazko lehen testu idatziak XVI. mendekoak dira, nahiz eta ezagunak diren X. mendean beste hizkuntza batzuetan idaztean agertutako euskarazko kantu, esamolde edota hitzak. Euskarazko lehen liburua hala ere, Bernard Decheparek 1545ean idatzitako Lingua Vasconum Primitiae da. 1571n berriz, Joannes Leiçarragak Testamentu Berria euskarara itzuli zuen. Ordutik, euskarazko tradizio literarioa jarraia izan da euskarak dituen hainbat aldaeretan, eta 1968an Euskaltzaindiak euskara batuaren oinarriak ezarri zituenetik, are indar handiagoa eman zaio euskarazko sorkuntza literario horri”.

Euskal hiriburuen artean, Donostian hitz egiten da gehien euskaraz, eta Donostiak du elebidunen ehunekorik handiena. Eusko Jaurlaritzak egindako azken neurketen arabera, donostiarren herena elebiduna da, hau da, bi hizkuntzetako edozeinetan komunikatzen da eskuarki.