Donostiako Alde Zaharra

Parte zaharra

Zalantzarik gabe, Parte Zaharra da Donostian gehien bisitatzen den lekua. Hiriko bigarren auzorik zaharrena da, Antigua ondoren. Urgull mendiaren oinetara dago eta itsasoak babesten du alde batetik eta Urumea ibaiak bestetik.

Parte Zaharrean sartzean Donostiako benetako gune soziala ezagutzeko parada du bisitariak. Parte Zaharreko kaleak tabernaz beterik daude, hiriko pintxorik onenak dastatzeko, eta oso erakargarriak eta interesgarriak dira Parte Zaharrean dauden Santa Maria Basilika eta San Vicente eliza moduko eraikin enblematikoak.

 Parte Zaharrean dago, halaber, Konstituzio Plaza, hiriburu gipuzkoarreko ezagunenetako bat. Bizitasun handiko leku bat izateaz gain, hiriko festarik garrantzitsuenen eszenategi ere bada, Danborrada famatuarena, adibidez.

Beraz, Parte Zaharrera bisita egitea Donostiako turismoaren "must" bat da, hiriko zona horretaz zentzumen guztiekin gozatzeko aukera ematen baitzaigu.

Iglesia San Vicente

Parte Zaharra, izenak adierazten duenez, gaur egungo hiriaren sorburua da, eta hiru elementu naturalek mugatzen dute: Urgull mendiak, Urumea ibaiak eta Kontxako badiak. 1863ra arte, hiriko harresiak ere mugatzen zuen. Urte hartan, ordea, harresia bota egin zuten hiriaren zabalgune berria egiteko. Lehenago, 1813ko abuztuaren 31n, tropa angloportugesek harresi barruko ia etxe guztiak arpilatu eta suntsitu zituzten, Napoleonen tropen kontrako Independentzia gerran.

Parte Zaharraren bihotza Konstituzio plaza da. Erdian dagoen eraikina Donostiako udaletxea izan zen 40ko hamarkadaraino. Plaza inguratzen duten eraikin koloretsuen balkoiek zenbakiak dituzte, antzina zezen-plaza gisa ere erabiltzen baitzen. Gaur egun, aldiz, Konstituzio plaza toki bizi-bizia da, eta bertan egiten dira gure hiriko jairik garrantzitsuenetako ekitaldi nagusiak: urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, bandera igotzea eta jaistea; abenduaren 21ean, San Tomas eguna; etab.

Donostiarrei nahiz turistei izugarri gustatzen zaie Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiltzea eta han ugariak diren taberna edo jatetxeetako batean indarberritzea: baxoerdiak, txakolina, nonahiko pintxoak… Parte Zaharrean, gastronomia borborka dabil!
Bestalde, Parte Zaharrean hiriko bi elizarik zaharrenak ere badaude:

San Bizente eliza: hiriko tenplurik zaharrena da. XVI. mendearen lehen erdialdean estilo gotikoan eraikia, erretaula erromanikorik onenetako bat gordetzen du barruan, Ambrosio Bengoetxeak eta Juan Iriartek egina.  Erretaula, ordea, ez da protagonista bakarra: Cavaille-Coll organo frantsesa (1868koa) eta beirate zoragarriak ere nabarmentzeko modukoak dira. Alboko fatxadan, Jorge Oteiza artistaren “Pietatea” eskultura dago. San Bizenten bataiatutakoei “koxkero” esaten zaie, tenpluko fatxadak hainbat koska baititu.

Santa Maria basilika: XVIII. mendeko obra barroko ikusgarria da, Donostiako Parte Zaharreko Kale Nagusiaren buruan dagoena. Artelan horretan, nabarmentzeko modukoak dira kutsu churriguerescoa duen fatxada barrokoa, San Sebastian Martiriaren eskultura aurre-aurrean duena, eta hiriko zaindari Koruko Ama Birjinari eskainitako erretaula nagusia. Bataiarriaren ondoan, Eduardo Chillidak egindako gurutze-formako eskultura bat dago. Basilika 1743tik 1774ra bitartean eraiki zen, eremu berean zegoen aurreko tenplu baten oinaren gainean.  Ate nagusiak bat egiten du lerro zuzenean Artzain Onaren katedralaren sarrerarekin. Santa Marian bataiatutakoei “joxemaritarrak” esaten zaie, eta Donostiako himnoan haien aipamena egiten da.

Ekialdeko muturrean San Telmo Museoa dago. Hasieran domingotarren komentua eta geroago kuartel militarra izandako XVI. mendeko eraikin hori Euskal Gizartearen eta Herritartasunaren Museoa da gaur egun. Bertako klaustroa eta antzinako eliza bisitatzeko modukoak dira. Parte Zaharreko ibilbidearen amaieran, portua topatuko dugu, Kantauri itsasoaren babespean. Boulervard zumardia harresiaren gainean egin zen. Haren aztarna batzuk lurpeko aparkalekuan ikus daitezke.