Gune erromantikoa

Hotel María Cristina

XIX. mendearen amaieran harresia bota eta hiria zabaltzeko egin ziren planen ondoren, Donostiak gaur egungo fisonomia hartu zuen pixkanaka.
Zabalgunea kontu handiz planifikatu zen eta dotorezia handiko eta hemeretzigarren mendeko urbanismoa ezarri zitzaion, estilo eklektikokoa.

Multzo-sentsazioa da gune horretako alderdirik nabarmengarriena, oso eraikin moderno gutxi baititu. Aipamen berezia merezi du Donostiako udaletxeak. Kasino gisa inauguratu zen 1897an eta han egiten ziren jaietara ospe handiko jendea erakarri zuen, hari eta 1924an jokoa debekatu zuten arte. Bertan izandakoak dira Mata Hari, Rostchildt, Belgikako erregea eta Persiako Xah-a, besteak beste. 1947ko urtarrilaren 20an, hiriko udaletxe bihurtu zen, Udalak Konstituzio plazako egoitza utzita. Kontxako badiaren bihotzean kokatua, Parte Zaharreko giro etengabea atzean duela eta Alderdi Ederreko lorategien lasaitasunaz inguratua, udaletxea nahitaez geldialdia egiteko gune bat da ezbairik gabe.

Gipuzkoa plaza, hiri erdiko oasia da, inondik ere; barrualdean ahatentzako aintzira bat du eta aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikina, estilo neoklasikokoa.

Artzain Onaren katedrala ere 1897an inauguratu zuten. Estilo ojibaleko estetika du, Alemaniako eta Frantziako Erdi Aroko elizen estiloan oinarritua.  Eraikinaren goiko aldean duen eta “Donostiako eraikinik altuenaren” kategoria ematen dion orratz luzea da horren erakusgarri. Fatxada nagusian, “Bakearen gurutzea” obra du, Eduardo Chillida eskultorearena. 1.915 metro karratuko azalera izanik, Donostiako elizarik handiena da.
Hiriaren zabalgunean barrurantz jarraituz, beste toki berezi batzuk topatuko ditugu:

  • Bilbo plaza. Iturri monumentala duen plaza xarmagarria da, Norteko tren-geltokira errazago iristeko egina.
  • Maria Kristina zubia, Urumea ibaiaren gaineko zubirik dotoreena. Lau tenplete ditu, Parisko Alejandro III.aren zubikoak eredu hartuta.
  • Frantzia pasealekua, ibaiaren beste ertzean, Norteko geltokiaren ondoan. Kutsu frantseseko pasealeku erromantiko horrek “Wallace” iturriak eta XX. mendearen hasierako jauregitxoak ditu. Bertako baranda 1910. urtearen aurretik Kontxa pasealekuan zegoena da.

1912 garrantzi handiko urtea izan zen gure hiriaren garapen turistikorako. Izan ere, urte hartan inauguratu ziren Victoria Eugenia antzokia, Maria Cristina hotela, La Perlako bainu-etxe berria (zurezko bainu-etxe zaharraren ordez egin zena), Igeldo mendiko funikularra eta “topoa” (Donostia eta Irun lotzen dituen trena).

1912ko uztailean, Maria Kristina erregeordeak bere izena zeukan hotela inauguratu zuen. Ehun urtetik gorako historian, ospe handiko jendeak hartu du ostatu hotel horretako gela dotore eta galantetan, mende hasierako aristokrata eta errege-erreginetatik hasita, Hollywoodeko azken izarretaraino, baita nazioartean izen handia duten askotariko pertsonak, idazleak eta musikariak ere.

Victoria Eugenia antzokia Maria Cristina hotela baino astebete geroago inauguratu zuten. Hareharriz egindako eraikin errenazentista da. Maria Guerreroren konpainiaren “Flandesen eguzkia sartu da” obraren lehen emanaldiaz estreinatu zen antzokia, eta harrezkero, gure hiriko kultura-gertaera nagusiak egin dira bertan, baita Donostiako Nazioarteko Zinemaldia ere.

2001etik 2007ra bitartean, antzokia goitik behera berritu zen. Espazio eszeniko zabalagoak egin zituzten eta kutsu abangoadistagoa eman zioten eraikinari, betiere antzokiaren jatorrizko izaerari eutsiz.

Hiriko alde honetan kale ugari bihurtu dituzte oinezkoentzako, eta, horri esker, hiriko merkataritza- eta aisialdi-gune bihurtu da. Bertan, tradizio handiko denda txiki espezializatuak ez ezik, merkataritza-kate handien saltokiak ere badaude, eta oso erraz ibil daiteke oinez batetik bestera.

HEMEN DONOSTIAKO ARKITEKTURARI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO