Urgull mendiaren babesean

 Paseo nuevo

Hiriaren bihotzean dagoen mendi honetan, paregabeko ikuspegiaz gain, Historiaren Etxea dugu, baita harresiaren aztarnak eta kanoiak ere, gure hiriaren iragan militarraren lekuko.

Hiriaren historia militar latzak bizirik dirau Urgull mendian. Bere kokapenari eta orografiari esker, gotorleku militarra izan zen XII. mendean, eta bertako harresiek, Boulervardeko lurpeko aparkalekuan dauden aztarnekin batera harresiz inguratutako Donostiaren lekuko bakarrak, hainbat eraso eta setio jasan zituzten urteetan zehar. Urgull mendia izan zen, 1794an, hiriak frantsesen aurrean egindako lehen kapitulazioaren agertokia. Urte batzuk geroago, Frantziako tropen eta armada angloportugesaren arteko guduaren ondorioz 1813an hiria suntsitu zuen sutearen lekuko ere izan zen.

Mendiaren goiko aldean dagoen Mota gaztelua, XII. mendean eraikia, funtsezkoa izan zen gure hiriaren defentsan. Haren inguruan, kanoiak eta defentsarako gezi-leihoak ikus daitezke oraindik ere, baita Historiaren Etxea ere; museo horrek gure hiri gazte eta biziaren 800 urtetik gorako historia kontatzen du ikus-entzunezkoen, maketen eta hainbat objektu eta eszenografiaren bitartez denboran zehar donostiarren bizitza definitu duten nondik norakoak azalduta. Mendiko ipar-hegalean, Ingelesen hilerria ingelesek Donostian utzitako aztarnetako bat da.

Hiria babestuz, Urgull mendiaren tontorretik, Jesusen Bihotzaren eskultura Donostiako paisaian txertatzen da. Federico Coullaut artistak 1950ean egindako obrak 12 metrotik gorako altuera du eta 4 miliatik gorako distantziatik ikusten da itsasotik.

Urgull mendia inguratuta, portutik Salamanka pasealekuraino, itsasora hurbiltzen gaituen pasealekua dugu. 1916an inauguratu zen eta olatuak horren kontra lehertzen direnean sortzen den ikuskizun ikaragarriak egin du ezagun. Hortaz, itsasoa haserre dagoen egunetan, olatuei begirik kendu gabe paseatzea komeni da, blai eginda bukatu nahi ez badugu behintzat!

Pasealeku Berriaren mendebalde-mendebaldean, mareen indarrari aurre eginez, Jorge Oteiza artistaren Eraikuntza hutsa izeneko eskultura bikaina dago, sendo. Obrak Sao Pauloko Bienalean saria lortu zuen orain dela mende erdia, eta gaur egun erreferentea da arte garaikidearen arloan; altxor galanta denon eskura.

Pasealekuaren bukaeraraino jarraituz gero, Aquariuma topatuko dugu. 2008an birmoldatua, ia ehun urte dituen erakunde horrek Europako ozeanografia-museorik modernoenetako bat dela esan dezake harro.