Antigua, auzo magikoa!

jordi-eu
Jordi Blogger-a

Antigua mapa de recorrido

 

Antigua auzokoek, “antiguotarrak” garela diogu “donostiarrak” baino lehen; izan ere, hiriko auzo zaharrena eta magikoena da (bai, bai, ikusiko duzue!) eta bere nortasuna du, denetik izateaz gain! Zein beste auzok du hondartza bat eta lorategi eta jauregi bat haren gainean urpeko tunel batekin lotuta?

Miramart tunela

Isla de Santa Clara

Palacio de Miramar

Argazkia @sistersandthecity

Baina Antigua hori baino askoz gehiago da, beti-betiko auzoa da, denda txikiz eta terrazadun tabernaz betetako kale alaiak ditu, eta bertan, unibertsitate publikoko ikasleak eta txapela eta guzti ibiltzen diren txikiteroak biltzen dira.

Ibilbidea Loretopean hasiko dugu, gaztelaniaz, itzulpen-akats baten ondorioz Pico del Loro gisa ezagutzen da. Itsasbehera denean, Kontxako hondartzatik Ondarretakora pasa daiteke oinez. Itsasgora denean, hobe Miramart urpeko tuneletik pasatzea. Nire proposamena: egunez, hondartzatik, eta gauez, tuneletik, iluminazio oso ederra baitu.

Vista de la playa de la Concha desde el antiguo
Tunel de Miramart al anochecer
Vista cenital de una mujer en la orilla de la playa

Loretopeatik Miramar Jauregira igoko gara, garai batean errege-erreginen udako egoitza izan zen. Maria Cristina erreginak begi ona izan zuen hura aukeratzean, landa-etxe ingelesetan inspiratutakoa da eta esperientzia bikaina da bertako lorategietatik paseatzea edo zelaian atseden hartzea itsasora begira.

Isla de Santa Clara

Argazkia @sistersandthecity

Miramar bisitatu ondoren, Ondarreta hondartza bikaina da bustialdia egiteko. Toldo zuri-urdinak dituen hondartza eta tabernatxoa hondarretan bertan, denetatik familia-giro handienekoa da. Kayakak aloka daitezke, igerilekuan bainatu edo igerian irlaraino joan. Gehiegi iruditzen zaienentzat, gabarroian geldialdia egin (erdi-erdian) eta goazen txirristan behera!

Playa de Ondarreta con tiempo nublado

Argazkia @sistersandthecity

Freskatutakoan, Donostiako leku berezienetako batera joango gara: Haizearen Orrazira. Itsasoari begira esertzeko eta haren astinduetatik ihes egiteko leku magikoa da. Kontuz itsasoa aztoratu samar dagoen egunetan lurreko zuloetara gehiegi hurbildu gabe! Jakinaren gainean zaudete!

Haizearen Orrazitik Igeldora igoko gara; bertatik hiriko ikuspegi ederrena dugu. Autobusez igo gaitezke, 100 urte dituen funikularrean edo ausartenak bizikletaz ere igo daitezke. Hori bai, aldapa oso gogorra da!

Peine del Viento

Parque de atracciones de Igeldo

Arkazkia @sistersandthecity

Hainbeste igoera eta jaitsierarekin, gosetu ere egin gara. Antigua auzoaren muinera sartzeko garaia iritsi da: Matia kalera. Kalearen alde batean, Miramarreko lorategien aurrean, frontoi bat dago pilota-partida bat jokatu (edo ikusi) nahi duenarentzat.

Ilunabarrean

Giroa: tabernak, jatetxeak eta pintxopotea

Matia kalea da Antigua auzoaren bizitasuna, tokiko saltoki, taberna eta jatetxez betea. Leku bikaina da auzoari neurri hartzeko eta bertako giroaz gozatzeko.  Ostegunetan, arratsaldeko zazpietatik aurrera, pintxopotea izaten da.

Auzoko giroa Trikuharri, Platero eta Drinka tabernetan: pintxoak, ogitartekoak, anoak eta menuak oso prezio onean eta kalitate bikainekoak. Zerbait desberdina nahi baduzu, Txubillo jatetxea proposatzen dizut: euskal-japoniar fusioa egiten duen sukaldaritza, edo Mera Mera jatetxe mexikarra, inauguratu berria, garagardo artisauekin.

Sert plaza (erdigunean eskultura oso ederrarekin, ezetz asmatu zer den? Pista bat: Moby Dick izena du!) zerbait hartzeko terraza beteta dago. Apuntatu, hemen pintxopotea asteazkenetan izaten da. Mandrágora tabernako tostak ederrak dira eta Lobo tabernako tortilla ere bai.

Gaueko giroa

Doka kontzertu-aretoak zuzeneko musika nahiz saltsa-topaketak eskaintzen ditu asteazkenero. Errotatxo puba adin guztietako jendearentzako taberna da. 

Antiguatik ibilbidea Google Maps-ekin

Utzi zure iruzkina

Security code Refresh