TOP 5: PINTXOAK GROSEN

carlos-tutti-eus
Carlos de Gil Argazkilaria eta edukien kudeatzailea Tutti Community-n

Zurriolako zubia gurutzatu eta Kursaal jauregira iritsiko gara. Jada eraitsia dagoen Gran Kursaaletik datorkio izena. Bi kuboen tartean dagoen terrazan eseri gara eta eguzkipean erlaxatuta, Donostiako auzo gazte eta surf-giroko honek gordeta dituen leku onenetako batzuk ezagutzera joateko mapa egiten hasi gara. Beti bezala, izen batzuk aukeratzea baino gehiago kostatu zaigu lekuak baztertzea. Proposamen berrien eta tradizioaren arteko nahasketa bat egin dugu azkenean eta Zurriola hiribidea gurutzatuta, ibaiaren ikuspegi zoragarria eskaintzen duen Ramon Maria Lili pasealekuan sartu gara lehen geldialdia egiteko.

 

Café Kursaal

Conchinita pibil takotxoa guacamolearekin eta ozpinetako tipularekin

gros-kursaal-pintxo1

Kokaleku pribilegiatua duen lokal hau Kursaal jauregitik metro gutxira dago, Urumea ibaiaren ondoan. Café Kursaal duela hiru urtetik ari da euskal sukaldaritza tradizionala eta mexikarra primeran uztartzen.

gros-kursaal-pintxo4

Juanek egin digu harrera. Mexikarra da jaiotzaz eta donostiarra bihotzez, eta bera da elkarrengandik hain desberdinak diren kultura gastronomikoak nahastearen aldeko apustua egin duen sukaldari bikaina. Luis Irizarren sukaldaritza-eskola prestigiotsuan ikasi zuen Juanek eta jatetxe batean eta bestean ibili ondoren, bere espazio gastronomikoa zabaltzearen ametsa egia bihurtzeari ekin zion 2015ean.

gros-kursaal-pintxo3

Esan diogu asko gustatzen zaigula sukaldaritza mexikarra eta egunen batean Mexikora joatea espero dugula. Bitartean, une batez Mexikora eraman gaituen pintxoa atera digu: Cochinita pibil takotxoa, guacamolearekin eta ozpinetako tipularekin. Unea are hobeto dastatzeko, bossa nova leun bat dago jarrita.

gros-kursaal-pintxo2

Itzuliko gara gehiago dastatzera. Txingarretan prestatutako pintxoen karta oso tentagarria da...

 

Topa Sukaldería

Tacotaloa, euskal artzainari

gros-topa-pintxo1

Topa sukalderian sartzea, aldi berean bi kontinentetan egon ahal izatea da. Edo bai behintzat gastronomikoki. Honen guztiaren atzean bi Michelin izar dituen sukaldari bat dagoela jakiteak ematen duen bermearekin sartu gara. Andoni Luis Adurizek sortu zuen Topa, euskaldunen eta latinoamerikarren arteko harremanari eta historian zehar bi norabidetan izandako immigrazioari omenaldia egiteko. “Kontaktuko sukaldaritza da Topakoa, ozeanoaren bi ertzak batzekoa, historian partekatutako mendeak ospatzeko sukaldaritza”. Hala azaldu digu Jessica Lorigo sukaldeburuak.

gros-topa-pintxo2

gros-topa-pintxo3

Jessicak gomendatuta probatu dugu Tacotaloa euskal artzainari. “Orea artoz eta artatxikiz egina dago. Azken hori, Hego Amerikatik artoa iritsi baino lehen, euskaldunok erabiltzen genuen laborea da. Txerri-haragi ontzutua du, Ezpeletako piperrarekin, eta haragia oso kurruskatsu gelditzen da, labe birakari batean egiten dugulako. Eta anana tradizionalaren ordez, ukitu euskalduna eman diogu, Errezil sagarrarekin”.

Tacotaloak, gainera, ahuakate-krema, pico de gallo eta hirugiharra ditu eta lehen mokadutik lortzen du urrutira eramatea, etxetik mugitu garela sentiarazi gabe, nahiz eta horrek ezinezkoa dirudien.

gros-topa-pintxo5

Javi Pezek diseinatutako atzealdeko musika erritmikoak eta Judas Arrietaren horma-irudi bat duen dekorazioak ematen diote azken ukitua senidetutako kulturen nahasketa perfektu honi, plater eta koktel berri eta harrigarri bihurtuta.

gros-topa-pintxo6


Bodega Donostiarra

Gilda: pipermin, antxoa eta oliba tandema

gros-bodega-pintxo1

Oinezkoentzako Peña y Goñi kale bizian dago La Bodega Donostiarra1928an zabaldutakoa. Bederatzi urte daramatzate bertan gaur egungo jabeek.

Fatxada urdina, terraza erosoa eta hain ezagunak diren arrautzopilak, eskatutako unean bertan eginak, taberna historiko honen nortasunaren ikurretako hiru besterik ez dira.

gros-bodega-pintxo5

gros-bodega-pintxo3

Arduradunarekin, Mikelekin hitz egin dugu. Gilda batzuk atera dizkigu, Donostiako pintxo tipikoak, pipermin, atxoa eta olibaz eginak, eta horiek atera ahala, historiako ikasgai txiki interesgarri bat eskaini digu probatzera goazen pintxoarekin lotuta.

gros-bodega-pintxo2

“Ostalaritzako lokaletan, hasieran, edatekoak bakarrik ateratzen ziren. Langileek lokaletara ekartzen zuten jatekoa. Urte haietan, ez zegoen hozkailurik eta, beraz, ostalariak egiten hasi ziren lehen pintxoak ozpinetako elikagaiekin eta hozkailurik behar ez duten beste produktu batzuekin egindakoak ziren; arrautza egosia, antxoak gatzetan, olibak eta piperminak, besteak beste. Eta Bodega Donostiarra tabernan espiritu horri eutsi diogu”.

Atsegin handiz jakin dugu gilda, garai batean, arazo baten konponbidea izan zela eta denboraren joanari hain ondo eutsi diola eta, gainera, hiriko sukaldaritzako ikur ere bihurtu dela.


Ramontxu Berri

Brie gazta mitxoleta-haziz inguratuta eta etxeko tomate-marmelada

gros-ramontxu-pintxo1

Aurreko geldialditik metro gutxira eta kale berean Ramontxu Berri tabernara iritsi gara. Egur zurizko dekorazioa du eta argiztapen ona eta, horri esker, oso giro abegikorra du. Barraren amaierako bi eserlekutan eseri gara eta berehala erreparatu diogu mokadu bitxi bati: brie gazta mitxoleta-haziz inguratuta eta etxeko tomate-marmelada. Konbinazio gozo-gaziak konkistatu egin gaitu. “Jendeak janaurrekorako nahiz postrerako eskatzen du, hori da bitxia”. "Hori du ona aldi berean gozo eta gazi izateak”, azaldu digute.

gros-ramontxu-pintxo2

Ramontxu Berri tabernaren beste bereizgarrietako bat menuak diseinatzeko erabiltzen duten modua da: “Hotz egiten badu, berotzen laguntzen duten platerak prestatzen ditugu eta bero egiten badu, berriz, freskoagoak”.

gros-ramontxu-pintxo3

Ramontxu Berriko beste izarretako bat txipiroitxo kurruskatsuak dira. “Etxean pasatzen ditugu arrautza-irinetan, irin berezi-berezin batekin”, eta jakin-minez utzi gaituzte. Hori izango da, zalantzarik gabe, berriro etortzeko aitzakia.

 

San Francisco 33

Belartieta: ogi kurruskatsua, errukulazko ohea, brie gazta, tomatea, martorria, ahuakatea eta limoi-txorrotada

gros-sfrancisco-pintxo1

San Francisco 33 Fresh & Food ogitarteko-saltokia da. Iazko udan zabaldu zuten, Sagues auzoan. Jabeek izen bereko lokal bat dute Zarautzen eta hango arrakasta ikusita, hiriburua konkistatzera etortzea erabaki zuten eramateko ogitarteko, sandwich eta entsaladekin.

San Francisco 33ren estetikak maitemindu egin gaitu. Fatxadan egur berdea, lur hidraulikoa, marmolezko gainak eta egur errustikozko taulak, gainean kontu eta fintasun handiz ogitarteko bakoitza jarrita dutela. Ogitarteko bakoitza bakarra balitz bezala prestatzen dute.

gros-sfrancisco-pintxo3

gros-sfrancisco-pintxo4

Kartari begiratua egin diogu eta ikusi dugu ogitarteko batzuk Juan Mari Arzak, Martin Berasategui, David de Jorge eta beste sukaldari ezagun batzuek sinatutakoak direla eta erraz identifikatu dugu lokal honek egindako apustuaren nortasuna: osagai freskoak, osasungarriak eta konbinazio harrigarritan jarrita. Baina are harrituago gelditu gara Amaiak eta Aitorrek, San Francisco 33ren barran harrera egin diguten bi gazteek eskaerak hondartzara eramaten dituztela esan digutenean: “Kartan ikusten duzun guztia etxera eramango dizugu, baina baita toallara ere." “Toallara?” galdetu diogu harrituta. “Bai, bai, toallara eramango dizugu. Zuk deitu, esan zer nahi duzun eta hor, txokoan, daukagun bizikleta horia hartuta, hondartzara eramango dizugu”. Ideia bikaina iruditu zaigu eta zin egin diegu eguraldi onak hastean, egingo ditugula eskaera batzuk.

gros-sfrancisco-pintxo5

Gehien ateratzen duten ogitartekoa eskatu dugu, Belartieta. Ogi kurruskatsua, errukulazko ohea, brie gazta, tomatea, martorria, ahuakatea eta limoi-txorrotada bat, eta ez zaigu damutu. Norbere burua zaintzeak ez du inoiz hain zapore ona izan.

gros-sfrancisco-pintxo2

Utzi zure iruzkina

Security code Refresh