Maila goreneko errugbia Donostiara bueltatu da

jordi-eu
Jordi Blogger-a

Hurrengo larunbatean goi-mailako errugbi partida ikusgarria jokatuko da Donostian. Anoetara bertaratzen diren ikusleek nazioarte mailako bi errugbi-selekzio indartsuenen arteko norgehiagokaz gozatuko dute, Estatu Batuetako eta Samoako taldeen arteko lehiaz, alegia. Arratsaldeko 18:30ean jokatuko den partidaren emaitza World Rugby Ranking sailkapenean sartuko da, bi selekzioek datorren urtean burutuko den Japongo Mundialean parte hartuko baitute. Larunbateko partida lehiatua izango da, estatubatuarrak sailkapeneko 15. postuan baitaude, samoarrak baino postu bat aurrerago.

Bi taldeetako kirolariak gipuzkoar hiriburuan daude jadanik eta hiritarrek Anoetan, Donostiako kaleetan eta Zurriolako hondartzan ikusi dituzte egunotan. Tamaina izugarri handiko hogeita hamar bat kirolari hirian ikustea ahozabalik utzi ditu hainbat donostiar.

Samoako taldekideak Anoetan entrenatzen

Ez da lehen mailako errugbi partida Donostian ikusten dugun lehen aldia. Izan ere, 2005 eta 2006 urteetan Biarritz Olympique taldeak Heineken Cup txapelketako lau norgehiagoka jokatu zituen hirian, eta honek jarraipena izan zuen 2009 eta 2010 urteetan. Orduan, Frantziako Top 14 lehen mailako hainbat partida jokatu ziren Anoetan. Duela bi urte Estatu Batuetako eta Tongako kluben aurrez aurrekoan egon ziren 13.000 ikusleak eta giro ezin hobea errepikatu nahi dira larunbatean. Gainera, Anoeta berrian izango da norgehiagoka, leku bikaina errugbiarekin dugun hitzordu berriari harrera emateko. Dudarik gabe, gipuzkoarrok kirol honekin dugun harreman estua nabaria izango da harmailetan.

samoa-usa1

Hasteko, Haka dantza

Samoako taldearen ‘haka’ deigarriak emango dio hasiera partidari, errugbiaren munduan oso ezaguna den aurkaria izutzeko samoarrek burutzen duten antzinako dantza zeremoniala. Bigarren ‘haka’ burutu daitekeenaren zurrumurrua zabaldu da egunotan. Bigarren ‘haka’ hori, gipuzkoar erara eta Donostiako haurrekin burutua, kirolaren baloreak aldarrikatzeko helburuarekin dantzatuko litzateke.

Ikusleak garaiz dabiltza oraindik partidarako sarrerak eskuratzeko. ww.rugbyusasamoa.com webgunean erosi daitezke, 14 eta 27 euro bitarteko salneurriarekin. Webgunean zehazten den moduan, hiriko zenbait establezimenduetan ere eros daitezke sarrerak, Alde Zaharreko Turismo bulegoan, besteak beste.

samoa-usa2

Utzi zure iruzkina

Security code Refresh