Industria ibilbidea

Investigadora

"Egun on, Donostiako Physics Centerreko ikertzaile gaztea naiz. Jakin nahi al duzu nola iritsi den tradizio turistiko handiko hiri bat berrikuntza-gune izatera? Has gaitezen antzinako lantegien istorioekin!"

Hiri industrial izatetik zientziaren eta ezagutzaren hiri izatera

Donostiak iraganean izan zituen industriaguneen lekuko ziren ikur gehienak galdu ditu. Horregatik, gaur egun zaila da fabrikak, tximiniak eta ehunka langileen joan-etorria imajinatzea. Egiako Tabako fabrika –gaur egun Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentro bihurtua- eta Añorgako Rezola porlan lantegia dira zutik jarraitzen duten eraikin gutxietako batzuk, baina askoz gehiago izan ziren.

Belle Époque garaiko hiri turistikoaren ohiko irudiaz harago, eta Kontxako badiaz harago, beste Donostia ezagutuko dugu: Urumea ibaiaren inguruan sortutako lanbideak eta jarduera ekonomikoa –sagardoa eta ontzigintza-, Altzako industria eta itsas merkataritza, eta turismoak erakarritako bezero aberatsek bultzatutako modaren industria eta lantegiak Erdialdean –Cristobal Balentziagarenak, besteak beste-. Antiguako Bentaberrin izan den eraldaketa ere ikusiko dugu. Inguru honetan pixkanaka hasi da Donostia ikerketa, zientzia eta teknologian inbertsioak egiten, ezagutzaren hiri izateko bidean pausoak ematen. Egun, ekoizpen zientifiko gehien duten munduko lehen 200 hirien artean dago Donostia.

Distantzia

Icono distancia 9Km

Geldialdiak

Icono localización 6

Denbora

Icono tiempo andando 2h 15m
  • Ilustrazioa Antiguo Ondarreta
  • Antiguo Ondarreta ikuspegia
  • Matía kalea eta Antiguo1889 / Kutxateka / Otero, Aguirre y Marín
  • Ondarretako kartzela zaharra, Igeldo mendia atzean duela1940 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Tenisa. Ondarretako Tenis Klubaren bista orokorra1934 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Donostia bistak. Igeldo mendiaren ikuspegia1916 / Kutxateka / Photo Carte / Martín, Ricardo
  • Igeldoko funikularra1953 / Kutxateka / Foto Marín / Marí, Paco

1. Antigua - Ondarreta

Pasealeku, lorategi eta hondartza eder bat ikusten dugun eremu honen paisaia oso bestelakoa zen XIX.mendean. Industrializazioak lehen fruituak eman zituen Ondarretan. Porlana eta adreiluak egiteko lantegi bat izan zen Loretopearen ondoan: La Fe zuen izena eta 1859an sortu zuten. Trena 1864an iritsi zenez Donostiara, lantegi hauen merkantzia erraz mugitzeko bide eman zuen. 1875ean Brunet anaiek beirazko botilen fabrika bat ireki zuten. Garaian oso ezaguna zen xanpain erako sagardo bat ere egiten zuten.

Horrez gain, hondartza maniobra militarrak egiteko zelai moduan erabiltzen zen, eta hemen eraiki zuten probintziako kartzela, 1889an. Turismoa hazten ari zenez, handik gutxira kartzela lekualdatzea erabaki zen eta aisialdirako aukerak zabaltzeko apustua egin zen. 1907 eta 1916 bitartean, Igeldo mendiaren magalean, hipodromo bat egon zen, eta, 1920 amaieran, Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Real Club de Tenis taldearekin, Ondarretako padurak urbanizatzeko eta edertzeko.

Inguru honetan badago garaiko industriak eta teknologiak utzitako legatu handi bat: Igeldora igotzeko funikularra, 1912an inauguratua. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru funikularretan zaharrena da, eta ondoen kontserbatutakoa. Funikularrak eta geltokiak martxan jarraitzen du, sortu zuten garaiko erabilera berberarekin eta berriztatze handirik gabe.

Rutas top

1
Ilustración Antiguo Ondarreta

1 Antigua - Ondarreta

  • Ilustrazioa Bentaberri
  • Antigua Bentaberri
  • El León garagardo fabrikaren eraikuntzaren fatxada. 1921eko abuztua1921 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Uholdeak Bentaberri auzoan, Suchard eta Lizariturry fabriketan1932 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Suchard fabrika. Fatxada1954-1957 / Kutxateka / Marí, Paco

2. Antigua - Bentaberri

Donostia hiri moderno bat izateko prestatzen hasi zen XIX. mendean, baina Antigua oraindik auzo lasaia zen. Baserriak zeuden, eta etxe txiki batzuk Los Juncales ubidearen ondoan. Industrializazioak berehala aldatu zuen paisaia. Antiguako bizilagun askok oraindik gogoratzen dute Bentaberri inguruan zegoen garagardo eta txokolate usaina, han izan baitziren Cervezas El León eta Suchard enpresen lantegiak. Edo xaboi eta produktu kimikoen usaina Lizarriturry kalean, Jabones Lagarto lantegitik zetorrena. Auzoa 1.500 langile izatera iritsi zen.

Lizarriturry y Rezola xaboi fabrika zaharretik langileen etxeak baino ez dira gelditzen, etxe apalen lerrokada bat, apaingarri askorik gabeak, Donostiatik Lasarterako errepidearekin paraleloan, Zarauzko hiribidean. Enpresa 1860ko hamarkadan sortu zen, eta laster egin zen ezaguna, La Providencia markapean kandelak, glizerina eta parafina ekoizten hasi zenean. Enpresariak Peter Krebitz asmatzaile alemaniarrarekin jarri ziren harremanetan. Bere patenteek arrakasta handia izan zuten Europan, eta berari esker lortu zuten fabrika modernoenetako bat egitea. Baita Lambert ingeniari frantsesari esker ere. 1914an sortu zuten Lagarto izeneko xaboia –eta izen horrekin egin zen ezaguna lantegia.

Suchard txokolate fabrika ere hemen izan zen. Txokolatea ez ezik Sugus gozokiak ere egiten hasi ziren 1961. urtetik aurrera.

Alemaniako Benedikt Kutz maisu garagardogileak erein zuen Cervezas El León fabrikaren lehen hazia. 1867an iritsi zen Donostiara, eta Strassburgo izeneko garagardotegi eta izotz denda ireki zuen hiriaren ekialdean, Ategorrietan. Bere garagardoaren errezetaren ospe onak bultzatuta, haren ondorengoek Cervezas El León ireki zuten Benta Berrin, 1890ean.

Hainbat enpresarik euren lehen fabrikak eraiki zituzten eremuan hezkuntza eta ikerketa zentroak egin dituzte azken urteetan. EHUren Unibertsitate campusa, BioDonostia eta CIC Nanoguneren moduko ikerketa eta Donostia International Physics Centerra. Ikerketarako zentroak etengabe ari dira hazten. Teknologia kuantikoen alorrean, euskal erakundeen eta IBM enpresa teknologikoaren arteko proiektu bati esker, munduko seigarren superordenagailu kuantikoa jarriko dute IBM-Euskadi Quantum Computational Center izeneko zentroan.

Rutas top

2
Ilustrazioa Bentaberri

2 Antigua - Bentaberri

  • Ilustrazioa Urumea ibaia
  • Urumea ibaia
  • Urumea ibaia
  • Urumea ibaia
  • Emakumeak arropa garbitzen Urumea ibaian1910 / Kutxateka / Martín, Ricardo
  • Gabarrariak Urumea ibaian. Kaian ainguratutako arrantza-ontzia. Batelak Urumea ibaianKutxateka
  • Arrauna. Batelen errekak Urumea ibaian1950 / Kutxateka / Marí, Paco

3. Urumea ibaia

Kontxako badiarekin lotu ohi dugu Donostiaren iruditeria gehiena, Urumea ibaiari protagonismoa kenduz, baina Donostia den moduko merkataritza hiria izatera iritsiko ote zen Urumea bezalako salerosketa eta garraio ibairik izan ez balu? Urumea ibaia aberastasun iturri handia izan zen hainbat familiarentzat, eta askorentzat bizibide garrantzitsua izan zen. XVI. mendetik garraiorako autobide moduko bat izan zela esan dezakegu.

Urumean zehar garraiatu ohi zen ohiko merkantzia zen sagardoa. Urumea bazterreko tolare-baserrietan ekoizten zen edaria, eta ondoren, Donostian eta hango tabernetan kontsumitzen zuten, eta baita urrunago ere. Ternuara bidaiak egiten zituzten euskal arrantzaleek eskorbutoaren kontrako edari gisa erabiltzen zuten sagardoa. Hilabeteak pasatzen zituzten arrantzaleek lurrik zapaldu gabe, eta sagardoa zen ontzietan bizirauteko eramaten zuten elementuetako bat. Egarria asetzeaz gain, infekzioak eta gaixotasunak ekiditeko aproposa zen edaria. Pasaiatik abiatzen ziren itsasontziak Ternuarantz.

Egungo egoerak ez du zerikusirik garai batekoarekin; igeriketa lehiaketak, txalupak eraikitzeko lanak eta estropadak ohikoak ziren inguruotan. Lanerako, aisialdirako nahiz gozamenerako ere erabiltzen zuten ibaia. Asmakuntza berri baten lekuko ere izan zen Urumea ibaia. 1893an, Ramon Barea enpresari eta ekintzaile donostiarrak belozipedo nautikoa sortu zuen, eta mundu osora zabaldu zen gerora.

Rutas top

3
Ilustración Río Urumea

3 Urumea ibaia

  • Ilustrazioa Diputazioa
  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Victoria Eugenia erreginaren argazkia, Garibai kaleko 20. zenbakian dagoen Mugica ahizpen kapelu-dendatik irteten1921 / Kutxateka
  • Aldundiaren eraikina1920 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Donostia. Diputazioa eta Gipuzkoa plaza1925 / Kutxateka / Martín, Ricardo

4. Aldundia eta merkataritza-gunea

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan gaude. XIX. mendearen bukaeran periferiako auzoetan fabrikak eta bestelako azpiegitura handiak egiten hasi ziren bitartean, ehungintzaren industriak eta modak erdiguneko kaleetan hartu zuen indarra. Burgesiaren eta aristokraziaren opor gune nagusietako bat bilakatu zen hiria. Goi joskintzako piezarik berrienak eta dotoreenak soinean zituztela ibili ohi ziren, eta, hala, Biarritzekin batera, hiria modaren erdiguneetako bat ere bihurtu zen nazioartean. Horregatik, hiriko bizilagun askok modaren sektorean lan egitera jo zuten, emakumeek bereziki: andrazko sastreak, kapelagileak, probatzaileak, brodatzaileak eta oihal ebakitzaileak, besteak beste. Hemengo dendak ere bezero berrien beharretarara egokitu ziren.

Gainera, Donostiako modak enbaxadore handi bat izan zuen nazioartean: Cristobal Balentziaga. Bere negozio propioa zabaldu aurretik, hiriburuko bi jostundegitan lan egin zuen. 1918an, Balenciaga y Compañia sozietatea sortu zuen, eta sei urtez ospe handia lortu zuen. Sozietatea itxi zuenean, 1924an, Askatasunaren hiribidean finkatu zen, 2. zenbakiko lehen solairuan.

Rutas top

4
Ilustración Diputación

4 Aldundia eta merkataritza-gunea

  • Ilustrazioa Koldo Mitxelena
  • Koldo Mitxelena
  • Gipuzkoako bigarren hezkuntzako institutua. Ondoren, ingeniari industrialen eskola izan zen, eta, gaur egun, Mitxelena Liburutegia. Urdaneta kalea, Urbieta kantoia1955 / Kutxateka / Marí, Paco
  • Arte eta lanbide eskola. Urdaneta kalea1955 / Kutxateka / Marí, Paco
  • Ikasleak Arte eta Lanbide Eskolan. Urdaneta kalea1955 / Kutxateka / Marí, Paco
  • Koldo Mitxelena liburutegiaren eraikina, Urdaneta kalean. Postetxearen eraikinaKutxateka

5. Koldo Mitxelena eta Correos

Hiriaren erdigunean ere jarraitu ditzakegu garai hartan gertatu zen aldaketa prozesuaren aztarnak. Belle Époque garaiko bi eraikin hauek zerbitzu hiriak beharrezkoak zituen enpresari, ingeniari zein langileen heziketara bideratu zituzten. Gaur egungo Koldo Mitxelena liburutegiak hezkuntzarekin lotutako bi proiektu hartu zituen. Lehendabizi Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako Institutua izan zen. Ondoren, Goi Mailako Ingeniarien Eskola jarri zuten martxan, eta 1961. urtean hasi ziren eskolak ematen. Estatuko laugarren ingeniarien eskolarik zaharrena da. Aldundiaren helburua zen Gipuzkoako industria jarduera berrietan lan egingo zuten ikasleak hezitzea. 70eko hamarkadan utzi zuten Erdialdeko egoitza, eta Ibaetara joan ziren, eraikin berri batera. 1993an ireki zuten liburutegia Koldo Mitxelena Kulturunea izenarekin.

Correos eraikina lanbide heziketako zentro erreferentea izan zen: Arte eta Ofizioen eskola izan zen. Hiriko hainbat merkatari, dendari, artisau eta langile hezi zituzten eskola honetan, 1944an itxi zuten arte. Hiriak bizi zuen merkataritzaren goraldiari eta zerbitzu hiri izateko apustuari heltzeko modua izan zen arte eta ofizioen eskola sortzea. Emakume askorentzat euren lehen lanpostua lortzeko modua izan zen. 60ko hamarkadan, egungo Correos y Telegrafosen egoitza izatera pasatu zen.

Rutas top

5
Ilustración Koldo Mitxelena

5 Koldo Mitxelena eta Correos

  • Ilustrazioa Altza
  • Pasaiako portuko argazkia
  • Argazki zaharra, Altzako udala1934 / Kutxateka / Martín, Ricardo
  • Idrebla hozkailu-manufakturak. Eraikina1945 / Kutxateka / Marín, Pascual
  • Pasaiako portuko obra-eraikina1934 / Kutxateka / Martín, Ricardo
  • Albaola

6. Altza

Izaera propioa duen ekialdeko auzoa da Altza. Garai batean independentea izan zen –gaur egungo Altza, Bidebieta, Herrera, Intxaurrondo eta Uliako zati bat ere hartzen zituen, eta Pasaiako badiaraino iristen zen. Hain zuzen, auzoaren kaskoan, San Martzial plazan, garai batean Altzako udaletxe izan zen eraikina dago, eta ondoan, San Martzial eliza.

Industrializazioak gehien eraldatu zuen eremua da Altza. Badiako portuaren inguruan sortu ziren industria jarduera gehienak: ontzigintza, arrantza, antxoa eta bakailao kontserben ekoizpena, besteak beste. Luzuriaga ontziolaren inguruan bestelako fabrika eta tailer ugari izan ziren. Bitxikeria moduan, gerora Luzuriagaren parte izango zen Molinao fundizioak eraiki zuen Donostiako Kontxako baranda.

Denboran atzera eginez, gogora ekarriko dugu inguru honetan Bidebietak eta Herrerak ontziralekua izan zuten garaia. Bizilagun askok oraindik gogoan dute bakailao usaina eta arrantzarako sareen usaina, Bidebieta portuaren ondoan baitzegoen lehen, eta hura izan zen inguruko ekonomiaren motor nagusia.

Hemendik gertu, Pasaiako badiaren sarreran, Albaola Museoa bisitatzeko aukera dago. Euskal Herriak XVI. mendean Amerikan izandako itsas abenturak ekartzen ditu gogora, baleazaleen eta euren ontzien istorioen bitartez.

Rutas top

6
Ilustración Alza

6 Altza

Ibilbide berdeak irisgarriak eta interaktiboak

Unión Europea Gobierno España Plan de recuperación Gobierno Vasco
X