Euskal hitzak beste hizkuntzetan

Mundu osoko bisitariak heltzen dira Donostiara eta, haiekin batera, gure belarrietara exotikoak diren hizkuntzak. Hizkuntza horietako batzuetatik maileguak hartzen ditu gure etxeko euskarak, hala nola, Internet, wifi... eta, alderantziz? eragin al du euskarak atzerriko hizkuntza handietan?

posta euskara 1Ilunabarra Sagueseko harresitik, Zurriola hondartzan

Hitzak hizkuntza batetik bestera bidaiatzea beti gertatu den gauza da. Esate baterako, latinak Erromaren mendean zeuden lurralde guztietako hitzak bereganatu zituen, eta aldi berean zabaldu inperio osoan.

Gaur egun, munduko hizkuntza askotatik hartzen dira hitzak maileguan eta hizkuntza askotara igarotzen. Hitzak hartzen dizkiogu ingelesari, frantsesari, gaztelaniari... baina baita guretzat exotikoak diren japoniera eta txinerari ere.

Hitzak elkarri hartze horretan, badira euskaratik beste hizkuntzatara igaro direnak, ezagutu nahi al dituzu?

Gaztelaniak euskarari hartu dizkion hitzen artean:

- Chatarra euskarazko zatar hitzetik dator, berez “oihal zaharra” esan nahi duena. Hortik seguruena “botatzeko den edozer” esanahia hartuko zuen gaztelaniaz.

- Chistorra euskarazko txistor hitzetik dator, hau da, lukainka. cococha, kokotxa ere idatzia, kokots hitzetik dator, berez ezpainpeko zatia adierazten duena.

- Izquierda, euskarazko ezker hitzetik hartu zuen.

- Órdago, musean erabiltzen den hitza da, euskarazko “hor dago” esalditik datorrena.

1612 StoTomasSS 028jTxistorra sukaldatzen Santo Tomaseko ferian, abenduaren 21ean

Frantsesez euskaratik hartutako hitzak gutxi dira, baina azken aldian kopurua handitzen ari da Euskal Herriko gaiak aipatzean nahitaez euskal hitzak irristatzen baitira, hala nola, abertzale, ikastola, pelotari, chacoli...

Horiez gain, badaude ere hemen hain ezagunak ez diren beste batzuk:

- Orignal, Kanadako altzea izendatzeko erabiltzen da, eta hitz hori euskarazko orein hitzetik dator.

- Pottok, euskarazko pottoka hitzetik hartua, Euskal Herriko zaldi txikia da.

- Axoa, Lapurdiko plater ezaguna da, zekor haragiarekin eta barazkiekin prestatzen dena.

- Piperrade, beste euskal plater baten izenetik hartua, piperrekin prestatzen baita.

Horiez gain, euskal deituretatik sortutako hitzak ere badaude, hala nola, silhouette, frantsesetik beste hizkuntza askotara igaro dena, eta Ziloeta izeneko Biarrizko etxean jatorria zuen Étienne de Silhouette-ri zor zaiona. Bestalde, daguerreotype izeneko aparailua, euskal jatorriko Louis Daguerre asmatzailearen lana izan zen.

posta euskara 2Pottoka

Ingelesak ere baditu euskal jatorriko hitz gutxi batzuk:

- bilbo: ezpata mota bat da, Shakespearek Hamlet lanean aipatu zuena.

- by jingo (jingoism): aspaldiko esamolde hori euskarazko "jainko" hitzetik datorrela pentsatzen da.

- Jai Alai: zesta puntari deitzeko sortutako izena da, diotenez Serafin Barojak asmatua, “High Life” hitzekin jolas eginez. Oso zabalduta egon da Estatu Batuetan, hango frontoiei esker.

posta euskara 3"Jai-Alai"

X