Erlijio-eraikinak

ARTZAIN ONAREN KATEDRALA

Artzain Onaren KatedralaArtzain Onaren Katedrala

XIX. mendean eraiki eta 1897an inaguratua, estilo ojibaleko estetika du, Alemaniako eta Frantziako Erdi Aroko elizen estiloan oinarrituta eraikitako katedral honek. Eraikinaren goiko aldean duen eta “Donostiako eraikinik altuenaren” kategoria ematen dion orratz luzea da horren erakusgarri.

Fatxada nagusian, “Bakearen gurutzea” obra du, Eduardo Chillida eskultorearena. 1.915 m2-ko azalera izanik, Donostiako elizarik handiena da. Katedrala Igeldo mendiko harriarekin eta arbelarekin eraiki zuten.

 

SANTA MARIA BASILIKA

Santa Maria basilikaSanta María eilza

Santa Maria basilika XVIII. mendeko obra barroko ikusgarria da, Donostiako [Parte Zaharreko] Kale Nagusiaren buruan dagoena. Artelan horretan, nabarmentzeko modukoak dira kutsu churriguerescoa duen fatxada barrokoa, San Sebastian Martiriaren eskultura aurre-aurrean duena, eta hiriko zaindari Koruko Ama Birjinari eskainitako erretaula nagusia.

Bataiarriaren ondoan, Eduardo Chillidak egindako gurutze-formako eskultura bat dago. Basilika 1743tik 1774ra bitartean eraiki zen, eremu berean zegoen aurreko tenplu baten oinaren gainean. Ate nagusiak bat egiten du lerro zuzenean Artzain Onaren katedralaren sarrerarekin.

 

SAN BIZENTE ELIZA

San Bizente elizaSan Bizente eliza

San Bizente eliza Parte Zaharraren bihotzean dago eta gure hiriko tenplurik zaharrena da. XVI. mendearen lehen erdialdean estilo gotikoan eraikia, erretaula erromanikorik onenetako bat gordetzen du barruan, Ambrosio Bengoetxeak eta Juan Iriartek egina.

Erretaula, ordea, ez da protagonista bakarra: Cavaille-Coll organo frantsesa (1868koa) eta beirate zoragarriak ere nabarmentzeko modukoak dira. Alboko fatxadan, Jorge Oteiza artistaren “Pietatea” eskultura dago.

 

IESU ELIZA

IesuIesu parrokia Oroimenaren lorategitik ikusita

Elizako agintariek Espainiako gaur egungo arkitekturaren ordezkari gailentzat ematen den arkitekto bat aukeratu zuten Iesu eliza diseinatzeko: Rafael Moneo. Tenplu berri hau Donostiako Loiolako Erriberak auzoan dago, Amara eta Loiola auzoen artean. Parrokiaren ondoan, Donostiak Oroimenaren Lorategia egin du, indarkeriaren, terrorismoaren eta gerren biktima guztien oroitzapena bizirik gordeta izateko gune gisa.

 

LOURDES TXIKI

Lourdes txikiLourdes Txikiko haitzuloa

Lourdes Txiki Lourdeseko haitzuloen erreprodukzioa da, Igeldora igotzeko bidean dagoena.

Lourdes Txikiren historia 1903an hasi zen, Frantziatik ihesi Arcachongo fraide domingotarren kongregazio bat gurean kokatu zenean, “La mallorquina” etxaldean. 1904an, kongregazio hark Lourdeseko haitzuloen erreprodukzioa egin zuen eta Lourdes Txiki izena jarri zioten. 1933an, gaur egun duen konfigurazioa eman zioten, kaputxinoen kongregazio batek haitzuloa berritu zuenean.

Otsailaren 11n, Lourdeseko Ama Birjinaren egunean, meza bat egiten dute Lourdes Txikin.