Antiguo - Ondarreta - Igueldo

 Peine viento

Igeldo mendiaren eta Miramar jauregiko lorategien artean kokatua, Ondarretako hondartzak kilometro erditik gorako luzera eta 100 metroko zabalera dituen hondar-eremua eskaintzen du eguzkitan etzanda egoteko. Hondartza horren ertzeko lorategien eremua ere toki paregabea da itzalean atseden hartzeko eta inguruneaz gozatzeko.

Hondartzaren mendebaldeko muturrean, pasealekuaren amaieran, edertasun hutsaren erakusgarri ezin hobea topatuko dugu: Haizearen Orrazia, Eduardo Chillida eskultoreak eta Luis Peña Ganchegui arkitekoak egindako eskultura. Itsasoaren indarra eta burdinazko egituren sendotasuna batuta, artelan garaikide naturala ez ezik elkartzeko eta atseden hartzeko gune ere bada obra hori donostiarrentzat nahiz turistentzat.

Ondarretako hondartzaren beste muturrean, Loretope esaten zaion irtengune arrokatsuaren gainean, Miramarreko lorategiak daude. Kontxako badiaren gaineko ikuspegi paregabea eskaintzen dute eta, beraz, ezinbesteko gertatzen da Donostiako itsasertzean barrena egiten diren paseo guztietan bertan geldialditxo bat egitea. Garai batean erregeren udako jauregia izandako jauregi bikaina buru dutela, Miramarreko lorategiak itsasora jaisten dira, emeki, hartxintxarrezko bidexka eta lursai loretsuen artean.